EVENTOS

Loading Events

« All Events

  • This event has passed.

Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna 2024

21 February @ 12:30 - 13:30 CET

18
Hizkuntza eta kultur aniztasuna
ODS 18 - icon

Otsailaren 21ean Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna da. Egun hori garrantzitsua da munduko hizkuntza aniztasuna gogoratzeko eta, batez ere, hizkuntza gutxituetan eta galzorian daudenetan arreta jartzeko. Hori dela eta, Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedran (MHOUK) aurten ekimen berezi bat prestatu dugu gure ekarpena egiteko. Egun horretan estreinatuko dira Corporació Catalana de Mitjans Audiovisuals eta UPV/EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrak lankidetzan sortutako animazioak.

Mundu zabaleko komunitateetako ipuin herrikoietan oinarritzen diren bost animazio dira, euskaraz eta katalanez egongo direnak ikusgai. Horietako bat, gainera hainbat hizkuntza gutxitutan ere bikoiztu da.

Programes Infantils de Televisió de Catalunya saileko Una mà de contes programak, 2024ko edizioan, zenbait kultura eta hizkuntza gutxiagotutan oinarritutako bost kapitulu ekoitzi ditu. Ipuinek ahozko tradizioetan dute jatorria: Euskal Herria, Hego Amerika, Erdialdeko Amerika, Ipar Amerika eta Australiako komunitate indigenak. UPV/EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrako adituak eta Una mà de contes programako talde tekniko eta artistikoa arduratu dira ipuinen dokumentazio, hautaketa eta jarraipen-lanaz. Egokitzapena Mireia Vidalek egin du, haur-literaturako idazleak eta Serra de Oro sariaren irabazleak. Gustavo Rosemffedek (Gusti) hartu du ilustrazioak egiteko ardura, Bologna Children’s Book Fair sariaren irabazleak eta EINA eskolako ilustrazio-irakasleak. Manuel Barrios Lucena eta Isidre Rosich Borges izan dira hurrenez hurren zuzendaria eta ekoizlea.

Kapitulu bakoitzak 7-8 minutuko iraupena du, eta hauek dira bost ipuinak: Eguzkilorea, Bizitzaren zuhaitza, Ametsen mundua, Nahuel eta jaguarra eta Haur-izokina. Guztietan, oro har, gizakien eta naturaren arteko harremanaren lotura jorratzen da. Kasu batzuetan, esaterako, Eguzkilorea, Bizitzaren zuhaitza eta Ametsen mundua ipuinetan, naturako elementu batzuen sorrera azaltzen da, hala nola eguzkia, ilargia, zuhaitzak… Nahuel eta jaguarra eta Haur-izokina ipuinak, aldiz, gizakien eta animalien arteko harremanari buruzkoak dira, baina bidaia iniziatikoa ere narratzen digute.

Bost kapitulu horiek euskaraz eta katalanez modu profesionalean bikoizteaz gain, Eguzkilorea beste hiru hizkuntza gutxiagotutan ere argitaratu da, beren borondatez ahotsa jarri zuten hiztun batzuen laguntzarekin: ladinoz, frankoproventzeraz eta tyaperaz. Hiru grabazio horiek uztailean zehar egin ziren Gasteizen 2023an egin zen Hizkuntza gutxituetako hiztun gazteen topaketan (HIGA) parte hartutako gazteekin, MHOU Katedrak koordinatutako bikoizketa-tailerrean.

Kapituluak modu profesionalean katalanez eta euskaraz argitaratzeaz gain, erakundeen arteko lankidetza honen helburua bada animazioak munduko beste hizkuntza indigena eta gutxiagotuetan ere bikoiztea, betiere hiztun boluntarioen partaidetzarekin eta modu ez-profesionalean eginda.

Bide horretatik, beraz, ekimen honek ekarpena egingo lioke 2022-2032 Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Hamarkadari. Horretaz gain, gure egungo gizarteak dituen hizkuntza eta kultura aniztasunaren inguruan hausnartzeko bitarteko bat izateko helburua ere badu, sortutako materialak aukera ematen duelako eskolan hizkuntza aniztasunaz gogoeta eta lanketa egiteko.

ANIMAZIOAK AURKEZTEKO EKITALDIA

Ekitaldia Arabako Campuseko pabiloian izango da otsailaren 21ean, 12:30-13:30 bitartean, nazioarteko ikasleei harrera egiteko ekitaldiaren barnean. Animazioak erakusteaz gain, horiek sortzeko prozesuaz jardungo dugu.

Katedrako adituak eta animazioen ekoizleak izango ditugu proiektuaz eta horien helburuaz solasteko (programa atxikita).

Munduko herrietan erabiltzen diren hizkuntza guztien babesa sustatzeko egun hori ezin aproposagoa dugu, eta jakina, MHOU Katedrak eta TV3k sortutako bost animazioen estreinaldia egiteko. Ekitaldian sortutako animazio batzuk ikusi ahal izango dira, baina Katedraren web orrian egongo dira ikusgai ekoiztutako ipuin guztiak.

Informazio gehiago, hemen:

https://www.ehu.eus/es/web/mho-unesco-katedra/ama-hizkuntzaren-nazioarteko-eguna-2024

Details

Date:
21 February
Time:
12:30 - 13:30 CET
Website:
https://www.ehu.eus/es/web/mho-unesco-katedra/ama-hizkuntzaren-nazioarteko-eguna-2024

Organizer

Cátedra de Patrimonio Lingüístico Mundial UPV/EHU
Phone
+34 945014550
Email
unesco-hizkuntzak.katedra@ehu.eus
View Organizer Website

Venue

Pabellón Campus de Álava UPV/EHU
Comandante Izarduy Kalea, 2
Vitoria, Álava 01006 España
+ Google Map
Phone
945014444
View Venue Website